
19 urterekin hasi nintzen lanean nire herriko aldizkarian. Gutxi ginen eta denetarik egin behar izaten genuen, baita argazkiak ere. Garai hartan iritsi zen nire eskuetara lehenengo aldiz argazki kamara reflex bat. Gogoan dut zein pisutsua iruditu zitzaidan. Aparatu haren funtzionamenduari buruzko oinarrizko argibideak jaso ondoren, diafragma, abiadura, distantzia fokala…, herriko artista bati erretratua egitea egokitu zitzaidan. Emaitza ikusi nuenean txundituta geratu nintzen. Hura bezalako kamara eta objektiboekin, ordurarte ezagutzen ez nituen argazkiak lortu zitezkeela konturatu nintzen.
Geroztik, beti izan dut argazki kamara bat nire ondoan. Hura hartu eta harekin hortik zehar galtzea maite dut, poserik gabe, naturalak eta nire ikuspuntutik ederrak diren eszenen bilaketan nire begirada kontzentratuz. Halako eszena piloa dago egunerokotasunean. Ariketa horrek beti ekartzen dit barne bakea eta konexioa. Argazkiak egitea beti da plan zoragarria. Batzuetan, nik neuk sortzen dut eszena, gustuko dut konposatzea. Espazio baten argi naturala, espazioa bera edo objektu baten edertasuna izaten da abiapuntua, haren kolorea, forma… Erretratuak ez dira hain ohikoak nire argazkietan baina egiten ditudanak beti dira gertuko pertsonenak.